|
Eusko Jaurlaritzak Euskadiko ikus-entzunezko komunikazioari buruzko Dekretua onartu zuen azaroaren 23an, ikus-entzunezko komunikazioari buruzko martxoaren 31ko 7/2010 Lege Orokorra egokitzen duen araua. Dekretu berri honek indarrik gabe uzten ditu honen aurka doazen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak.
Dekretu berriak 32 artikulu ditu, 6 kapitulutan banatuta, eta horren aplikazio-eremuan EAEko lurraldeaz gaindiko estaldura ez duten ikus-entzunezko komunikazio-zerbitzu komertzialak, komunitarioak eta publikoak sartzen dira; gainera, Euskadiko ikus-entzunezko komunikazioaren zerbitzu-emaileen erregistroa sortzen du eta horren antolamendu eta funtzionamendu arauak ezartzen ditu.
Proiektu berriak baloratzeko irizpideak ere jasotzen dira Dekretu berrian. 10. artikuluan zehazten denez, lizentziak esleitzeko lehiaketan irizpide hauek baloratuko dira: programazio-proposamena, proposamen ekonomikoa eta egiturazkoa, proposamen teknologikoa, ikus-entzunezko komunikazio zerbitzu-emaileen eskaintzaren aniztasunari egiten dion ekarpena, enplegua sustatzea eta euskarazko programazioa emititzeko konpromisoa.
Horrela, telebista-komunikazio zerbitzuaren lizentziak esleitzeko lehiaketetan, gutxienez lizentzia bat erreserbatuko da euskara hutsean emititzeko zerbitzu-eremu bakoitzean. Irrati-komunikazio zerbitzuaren lizentziak esleitzeko lehiaketetan, aldiz, gutxienez lizentzien heren bat erreserbatuko da euskara hutsean emititzeko estaldura-eremu bakoitzean, zerbitzu-eremuko populazioa 100.000 biztanletik gorakoa denean.
Dekretu berri honek indarrik gabe uzten ditu honen aurka doazen maila bereko edo beheragoko xedapen guztiak eta, bereziki, frekuentzia-modulazioko uhin metrikoetako irrati-difusiorako emisoreentzako baimena emateko prozedura ezartzen duena, EAEko Udal Erakundeei frekuentzia modulatudun uhin metrikoetako irrati-zabalkunde zerbitzu publikorako baimena emateko modua arautzen duena eta Lurreko uhinen bidezko tokiko telebista-zerbitzua arautzen duena.
|