|
Ziurtagiri horren bidez, Itelazpiren eraikin nagusiaz gain, EAEko zentroak ere ziurtatu dira. Elkarte publikoak 2007an lortu zuen lehen aldiz ziurtagiria eta, ordutik, urtero berrikusi du eta aurten berritzeko prozesua gainditu du.
Itelazpi elkarte publikoak laneko arriskuak prebenitzeko OHSAS 18000 kalitate ziurtagiria berritu du 2011n zehar. 2007tik dauka erakundeak ziurtagiri hori, eta, ordutik, urtero berrikusi du. Aurten, lehen hirurtekoa igarota, berritu egin behar izan dute, eta horretarako kanpoko enpresa baten ikuskaritza zehatzago bat gainditu behar izan du.
Ziurtagiri honen bidez, erakunde publikoak laneko arriskuak prebenitzeko daukan politikaren konpromisoa ziurtatzen du. Itelazpik Zamudioko teknologia parkean duen bulego zentralaz gain, ziurtagiri honek Euskal Autonomia Erkidegoan dauden zentro guztiak (erakunde publikoarenak zein azpikontratatutako enpresen zentroak) ziurtatu ditu. Horretarako, zentro horietako bat ikuskatu zuten, ausaz hautatuta, eta Arnotegikoa (Bizkaia) izan zen aukeratutakoa.
Ziurtagiria berritzeko egindako kanpo-ikuskaritzak elkarte publiko honen indarguneak nabarmendu ditu. Horien artean, erakundeak kudeaketa sistema sendoa duela eta zuzendaritzak ikuskatze-prozesu osoan izan duen inplikazioa azpimarratu ditu. Halaber, Itelazpik duen istripu-maila baxua ere nabarmendu du. Horrez gain, ikuskaritzaren txostenak aholku bat eman dio Itelazpiri: azpikontratatutako enpresentzat egiten dituen prestakuntza-ikastaroen efikazia neurtzeko formula berriak bilatzea.
OHSAS 18000 arauak laneko segurtasuna eta osasuna kudeatzeko nazioarteko hainbat estandar biltzen ditu eta, kudeaketa sistematizatuta eta egituratuta, lanean osasuna eta segurtasuna hobetzea du helburu.
|