Hasiera Prentsagunea Albisteak Itelazpik uhin ertain eta FM bidezko irrati zerbitzu bat digitalizatzeko proiektu bat saritu du
| Gunearen Mapa | Harremanetarako | Galderak eta iradokizunak |
Itelazpik uhin ertain eta FM bidezko irrati zerbitzu bat digitalizatzeko proiektu bat saritu du
Itelazpi Sozietate Publikoak Telekomunikazio Ingeniaritza Eskolako Iñigo Cascón ikaslearen proiektua saritu du Itelazpi Sarien bigarren edizioan. Proiektu irabazleak irrati uhin digitalen hedatzea simulatzen duen softwarea sortu du.

 

Iñigo Casconek aurkeztu duen lanaren izenburua hau da: "Diseño e implementación de una herramienta de simulación de canales radioeléctricos para el estándar digital Radio Mondiale". Proiektuak irrati mota horren kanal ereduak aztertu ditu eta uhin ertain eta FM bidezko irrati digital zerbitzu bat simulatu ahal izateko algoritmo bat garatu du. Horri esker, audioaren kalitate handiagoa, estaldura-maila hobea eta transmisioan datuak gehitzeko aukera lortzen da. Gainera, kanal irrati-elektrikoak simulatzeko tresna bat ere garatu du, estaldura eta harrera egoera ezberdinak ikertzeko aukera ematen duena. Sistema honek, gainera, energia nabarmen aurrezten du eta irrati zerbitzu berriak garatzeko aukera eskaintzen du.

Kanal ereduaren azterketa estaldurak kalkulatzeko eta jasotako seinalearen kalitatea aztertzeko aurretik eta nahitaez egin beharreko urratsa da. Azterketa hori seinalea inguru ezberdinetan zuzen deskodetzeko aukera ematen duten irrati digitalen hargailuak garatzeko ere behar-beharrezkoa da.

Epaimahaiak nabarmendu egin du aurkeztutako lanen kalitatea eta zailtasuna, eta azpimarratu egin du proiektu irabazlearen konplexutasun handia, sakon garatu baita. Izan ere, proiektuak uztartu egin ditu kanal-ereduen azterketa teoriko garrantzitsu bat eta kontzeptu teorikoak abian jartzen dituen software ereduen inplementazioa.

Itelazpik Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoarekin sinatuta duen lankidetza-hitzarmenaren baitan ematen ditu sari hauek. Horien helburua elkarlanean egindako ikerketa proiektuak, laguntza teknikoa, dibulgaziozkoak, prestakuntzarako jarduerak eta berrikuntzarako proiektuak garatzea da. Hitzarmenak jasotzen duenez, ikasketen azken urtean dauden bi ikasle kontratatuko ditu urtero Itelazpik, praktikak egiteko programa baten bidez.