Europako Batzordeak ‘Agenda Digitala’ izeneko plana aurkeztu du telekomunikazio sektorea bultzatzeko. 2020. urterako europar guztiek 30 megabyteko banda zabalerara sarbidea izatea eta etxebizitzen erdiak 100 megabyte baino gehiagoko konexioa izatea da egitasmo horren helburu nagusia.
Gaur egun, Europar Batasuneko konexioen % 80k 2 megabyte baino gehiagoko abiadura dute eta %18k soilik 10 megabyte. Nahiz eta abiadura horiek nahikoak izan oinarrizko aplikazioetarako, ez dute zerbitzu aurreratuak erabiltzeko balio. Azken hauentzako, zuntz bidezko sare berriak behar dira.
Europako Batzordeak zuntzezko sareetan inbertitzea bultzatu nahi du "Agenda Digitalaren" bidez, eta horretarako, gomendio bat luzatuko du. Hiru oinarri izango ditu: alde batetik, kostuen arabera sarbidearen tarifak finkatzen direnean, inbertsioaren arriskua kontuan hartuko da. Bestalde, operadore ezberdinen arteko inbertsio mekanismoak eta arriskuak banatzea sustatuko da. Hirugarrenik, erregulatzaile nazionalek konpetentziaren sarbidea kontrolatu beharko dute; inbertitzera behartuko dituzte, lurralde bakoitzaren operadore kopuruari erreparatuz.
Horrez gainera, Telekomunikazioen komisarioak, Neelie Kroesek, Europar Batasuneko laguntza publikoetara eta Inbertsioen Europako Bankuaren maileguetara jo behar dela dio, operadore pribatuentzat errentagarri suertatzen ez diren landa inguruneetan inbertitzeko.
Azkenik, telebista analogikotik digitalera pasatzean libre gelditu den espektroaren hainbat frekuentzia abiadura handiko Internet mugikorrerako derrigorrez erabiltzea nahi du Kroesek.