Apirilean audientziaren zatiketa areagotu egin zen, batik bat, itzalaldi analogikoaren ondorioz. Hala dio Barlovento Comunicación enpresak egindako "Telebistako Audientziaren Portaera. 2010eko apirila" ikerketak.
Hilero egiten den txosten horrek LTDrako sortutako kate berrien audientzia igoera eta kate nagusiek pairatutako porrota nabarmentzen du. Aipatzekoa da, halaber, TVE kateak -audientzien liderrak- 2009 irailetik izandako emaitzarik baxuenak izan dituela.
Horrez gainera, apirilean LTDaren kontsumoa nabarmen hazi zen (10,6 puntu), marka berri bat lortuz. Kableak, aldiz, hamarren bat galdu zuen, ikusleen % 15,3 bakarrik erakarriz, eta sateliteak (% 5,8) hiru puntu irabazi zituen. Katalunian eta Gaztela-Mantxan lortu ditu LTDak emaitzarik onenak.
Bestalde, udaberriak eta eguraldi onak telebista kontsumoa gutxitu dute: txostenaren arabera, eguneko 227 minutu ematen ditu lagun bakoitzak telebistaren aurrean. Martxoko eta iazko emaitzekin alderatuta, telebistaren kontsumoak behera egin du apirilean (15 eta 2 minutu gutxiago, hurrenez hurren). Aragoi eta Balearrak telebista gehien ikusten duten autonomia-erkidegoak dira, eta Galizia eta Madril, gutxien ikusten dutenak.