Telekomunikazio Teknologien Institutu Nazionalak (INTECO) zerbitzu elkarreragile bat diseinatu du, era errazean eta programazioari buruzko ezagutzarik gabe LTDrako aplikazioak sortu ahal izateko.
Raul Riescoren (INTECOren gerentea) arabera, zerbitzu interaktibo honen oinarria "MHP estandarra" da. MHP (Multimedia Home Platform) bitarteko sistema bat da, eta telebista digitalaren aplikazio elkarreragileentzako plataforma komun bezala funtzionatzen du. Ez du zerbitzu interaktiboen hornitzaileekin eta telebista fabrikatzaileekin loturarik izango.
MHP estandarraren bidez telebisten hartzaileek aplikazioak (kanal beratik eskaintzen dituzten edukiak) exekutatuko dituzte eta erabiltzaileak aplikazio horiek erabil ahalko ditu.
INTECOren tresnak estandar hori duten merkatuko hartzaile guztietan funtzionatuko du. Hala ere, etxeko zein merkatuko hartzaile askok MHP estandarrik ez dutela onartu dute sortzaileek. Gaur egun, %0,20k bakarrik dute teknologia hori. Adituak dio bereizmen handiko telebistaren hedapenak eta aparatuen berrikuntzak teknologia honen zabalkuntza ekarriko duela.
Halaber, aipatzekoa da proiektuak bi alor nagusi izan zituela oinarri: erabilerraztasuna, hau da, edozein hartzailek eta erabiltzailek aplikazio berriak erabil ahal izatea, eta aplikazio horien tamaina.