Itzalaldi analogikoa jazo aurretik (apirilak 3) LTD seinalea jaso ahal izateko egin beharreko moldaketa guztiak baimendutako enpresa instalatzaileekin (hobe sistema arbitralera atxikitakoak) egiteko gomendatu die Eusko Jaurlaritzako Kontsumo Zuzendaritzak herritarrei. Halaber, deskodetzailea erosi aurretik ongi informatzera eta beharrizanak ongi aztertzera animatu ditu.
LTDaren mailakako ezartzea gure autonomia-erkidegoan apirilaren 3an izango dela gogorarazi du Kontseilaritzak, beraz, oraindik ere itzalaldi analogikorik izan ez duten lekuetako herritarrek "kontuan izan behar dute egun horretatik aurrera telebista ikusten jarraitu ahal izateko antena egokitu behar dutela eta seinalearen deskodetzaile bat erosi beharko dutela".
Horren harian, azaldu du LTDaren seinalea jaso ahal izateko ohiko telebistarentzat erabiltzen den UHF antenak "balio" duela, baina, "kasu askotan seinale anplifikadore bat" konektatu beharko zaiola, batez ere eraikin zaharretan. Eraikina oso zaharra bada, gaineratu du, "agian antena aldatu beharko da, edo banaketarako kableak eta hartuneak ordezkatu".
Kontsumo Zuzendaritzatik gomendatu dute moldaketa guztiak baimendutako enpresa instalatzaileekin egiteko beti, hobe sistema arbitralaren kide diren enpresekin. "Aurrekontua beti eskatzea" aholkatu du, eta, behin lana bukatuta, enpresak egindako instalazioaren nondik norakoak azaltzen dituen buletina eman behar duela ere gaineratu du.
LTDa sintonizatzeko behar den deskodegailuaren harian, erostea "merezi duen edo ez baloratzea" eskatu die herritarrei; izan ere, "telebista aldatzeko asmoa zuenak orain du une aproposa LTDrako deskodegailua duen bat edo hori integratuta duen DVD bat erosteko".
Halaber, gogorarazi du oinarrizko deskodetzaile digital batekin irekian emititzen diren kateak ikusi daitezkeela, baina ordainpeko kate digitalak, bereizmen altuko emisioak ikuzteko edo zerbitzu interaktiboak izateko bestelako deskodetzaile bat behar dela, izan ere egun ez da zerbitzu guztiok batera eskaintzen dituen aparailurik.
Horren harian, deskodetzailea erosterako orduan arinegi ez ibiltzeko gomendatzen du Kontsumo Zuzendaritzak; hobe da "interesatzen zaizkigun zerbitzuak zeintzuk diren pentsatzea eta baloratzea eta horren arabera aukeratzea". Dena den, gaineratu du gaur egun ia ez dagoela ordainpeko kate digitalik, ezta zerbitzu interaktiboak eskaintzen dituen katerik, ezta bereizmen handiko emisiorik ere.
"Ona da erosi aurretik konfiantzazko etxetresna elektrikoen denda batean informatzea, eta, beti bezala, erosketa txartela gordetzea edozein erreklamaziorako", bukatu du Kontsumo Zuzendaritzak.