88 udalerri bizkaitarrek telebista analogikoa ikusteari utziko diote urtarrilaren 10etik aurrera, mailakako itzalaldiaren ondorioz. Halere, gaur egun herri horien % 83 baino gehiagok dagoeneko LTD ikusteko aukera dute. Itzalaldi honek 281.000 herritarrei eragingo die.
Oiz Mendiko Trantsizio Proiektua da, zehazki, Euskadiko herri askotan emisio analogikoa geldiaraziko duena. Bizkaiko kasuan, 88 herrik izango dute itzalaldia LTDrako Trantsizioko Plan Nazionalaren bigarren fase honetan. Besteak beste, Santurtzi, Galdakao, Durango, Bermeo, Ermua, Gernika, Bakio, Abanto Zierbena, Elorrio, Balmaseda, Sopuerta, Sopela eta Zalla dira herriotako batzuk.
Telebista digital berrirako iragaitean herritarrei informazioa helarazteko abiatuko dituzten ekintzen berri eman dute Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioak, Gobernuaren Bizkaiko Ordezkariordetzak, Eusko Jaurlaritzak eta LTDrako Trantsizioko Plan Nazionalaren bigarren fasean itzalaldia izango duten herrietako ordezkariek.
Batzar horretan, 88 herrietatik LTDrako sarbidea duten etxeak % 85 baino gehiago direla jakinarazi du Jose Antonio Quintela Industria Ministerioko LTDrako Trantsizio Nazionaleko Bulegoko zuzendariak. Ezagutza mailari dagokionean, Quintelak adierazi du herri hauetako % 98,8k ikus-entzunezko emisio sistema berria ezagutzen duela.
Industria Ministerioak antena eta etxebizitzak aldez aurretik egokitzeko aholkua eman die aurrerantzean telebista seinale analogikoa jasoko ez duten Bizkaiko herrietako bizilagunei. Eskaera horrekin, telebista analogikoaren ordez digitala jasotzeko etxeetako antenetan egin behar diren egokitzapenak garaiz egitea bermatu nahi du.
Santurtzin, Galdakaon eta Durangon informazio gune finkoak jarri zituzten azaroan, eta bi hilabetetan zehar zabalik egongo dira. Gainera, abenduan eta urtarrilean zehar informaziorako unitate mugikorrak LTDrako Trantsiziorako Plan Nazionaleko bigarren fase honetan itzalaldi analogikoa izango duten Bizkaiko 46 udalerritik pasatuko dira herritarrei informazioa ematera.
Bilbok eta Bilbo Handiko herri askok eta Bizkaiko ekialdeko kostaldeko zenbait herrik ez dute itzalaldia 2010eko apirilaren 3ra arte izango, Artxandako eta Jaizkibeleko Trantsizio Proiektuen baitan.