Industria Ministerioak kate bat baino gehiagoko telebista guztiei ordainpeko LTDa baimentzen dien Errege Lege Dekretu proiektu bat aurkeztu dio Telekomunikazioen Batzorde Aholkulariari (CATSI).
Horrela, bere kateetako bat osorik edo partzialki doan esplotatzea baimenduko die arau horrek Estatu mailako Lurreko Telebista Digitaleko zerbitzu publikoko sozietate emakidadunei, betiere, telebista enpresa horrek kate bat baino gehiago emititzeko baimena baldin badu.
Industriak azaldu duenez, LTDaren ezartzearen arrakasta ziurtatzea eta herritarrentzat telebista zerbitzu publikoa hobetzea dira neurri honekin lortu nahi diren helburuak. Horren harian adierazi duenez, beharrezkoa da emisio irekian oinarritutako orain arteko negozio eredua malgutzea eta Estatu mailako sozietate emakidadunei ordainpeko LTD zerbitzua ahalbidetzea. "Gainera, ereduaren malgutze honek telebista eskaintza zabalago bat ahalbidetuko du", gaineratu du Industria Ministerioak.
Telekomunikazioen Batzorde Aholkulariak Errege Dekretuaren beste proiektu bat ere ikertu du. Proiektu horrek Espainiako Estatuan bereizmen handiko LTD zerbitzua eskaintzeko baldintza tekniko minimoak finkatzen ditu. Testuaren arabera, 2010eko apirilaren 1etik aurrera merkaturatzen dituzten 21 hazbete baino handiagoak diren LTD hargailudun telebistek derrigor izan behar dute bereizmen handiko emisioak sintonizatzeko aparailua.