Telecincok behin betiko aldatu ditu LTDko Telecinco 2 kateko identitate korporatiboa eta haren izena; zenbait aldaketa egin ostean, hemendik aurrera La Siete izango da telebista kateak izango duen izen berria.
Telecincoren komunikatu baten arabera, LTD Espainiako Estatuan ezartzeko martxan dagoen prozesua dela eta egin dute aldaketa, telebistaren urrutiko agintearen 9 botoietako bat lortzeko borrokaren baitan. Telecincoren helburua beteko balitz, hauek izango lirateke, urrutiko agintearen 1etik 7rako botoiak sakatuz ikusiko liratekeen kateak: La 1, La 2, Antena 3, Cuatro, Telecinco, La Sexta eta La Siete.
Katearen izen aldaketaz gain, irudi korporatiboa ere aldatu egin dute, izan ere, orain 7 zenbakia da irudia. Gorria da zenbakia eta, alboan, Telecincoren logotipoak bezala, bola urdin bat du. Azpian "La Siete" izena irakur daiteke, Telecincoren irudi korporatiboaren tipografia berdinez.
Sortu zutenetik, Telecincoren kate honek duen hirugarren izena da La Siete, aurretik Telecinco Sport eta Telecinco 2 izan ostean.
Beste kate batzuek ere zazpiaren aldeko apustua egin dute beren katearen zenbaki adierazgarri bezala erabiltzeko, aurreko sei zenbakiak analogikoan emititzen duten sei orotariko telebistek erabiltzen baitituzte. Horrela, La Sietek Veo7rekin izango du lehia, baita beren irudi bezala 7 zenbakia erabiltzea erabaki duten telebista autonomikoekin ere, besteak beste Telemadri edo Castilla y León Televisión.
Zenbait autonomia erkidegotan, bestalde, gauzak ez dira aurretik aipatu bezalakoak, izan ere, kate autonomikoentzat urrutiko agintearen lehen zenbakiak erabili ohi dira. Horrela, euskal etxe askotan 3 eta 4 zenbakiak ETB 1 eta ETB 2 kateentzat erabiltzen dituzte, eta kataluniar askok zenbaki berak (3 eta 4) TV3 eta C33 kateak ikusteko erabiltzen dituzte. Horrela ba, kasu horietan 1 eta 2 botoiak sakatuta La 1 eta La 2 ikusten dira, 5 zenbakia Telecincorentzat da, 6. zenbakian Antena 3 dago, Cuatro 7.ean eta urrutiko agintearen 8. zenbakia La Sextarentzat da.