Azken hiruhilabetekoan Interneteko erabiltzaile kopurua % 3 baino gehiago hazi da Gipuzkoan, hazkunde handiena Euskal Autonomia Erkidego (EAE) guztian. Erkidegoko % 52 dagoeneko Internet erabiltzailea da. Euskal Estatistika Erakundeak (Eustat) urteko lehen hiruhilabetekoari buruz emandako informazioan azaltzen dira datuok.
Erabiltzaileen hazkundea, ordea, ez da bera izan EAEko gainontzeko lurraldeetan: Bizkaian, nabigatzaile kopurua % 2,5 hazi da (bertako hamabost urtetik gorako biztanleen % 51,8 sarearen erabiltzaile dira). Araban, aldiz, atzeratze txiki bat egon da, % 0,5ekoa, eta internauten kopurua herritarren % 51,2 da.
EAEko datu orokorrei dagokienean, 950.000 pertsonak erabili ohi dute sarea, biztanleen % 51,7ak hain zuzen ere. Beraz, 2008ko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta, hazkundea % 2,3koa izan da.
Azpimarragarria da, halaber, 55 eta 64 urte arteko erabiltzaile kopuruaren hazkundea (% 10,6 2008ko laugarren hiruhilekoarekin alderatuta). Biztanle ez aktiboen eta langabeen artean ere erabiltzaile kopurua hazi egin da, % 20, eta, beraz, EAEko Internet erabiltzaileetatik bat talde horretakoa da. Inkestak jakinarazi duen beste datu bat da erabiltzaileen % 52,6 gizonezkoak direla eta % 47,4 emakumezkoak.
Aipatu beharra dago, baita ere, gero eta gehiago direla online edo sarean erosketak egiten dituzten euskal herritarrak: Eustaten datuen arabera, 2009ko lehen hiruhilabetekoan 236.600 lagun izan ziren Internet bidez erosketak egin zituztenak, erabiltzaileen % 25 (aurreko hiruhilabetekoan baino 6.000 lagun gehiago).
Inkesta honen arabera, Internetera sartzeko erabiltzaileek gogokoen duten tokia etxea da oraindik ere (% 85,4), eta ingelesez nabigatzen duten lagunen kopurua hazi egin da (% 8,2), euskaraz egiten dutenena pixka bat jaitsi den bitartean (% 3,2).
EAEko konexioen batezbesteko iraupena 50 minutukoa izan dela ere gaineratu du txostenak.