"TV Widgets" teknologia berria aurkeztu du Yahook. Telebista bidez Interneten ibiltzeko aukera ematen du zerbitzu berri honek eta nabigazioa urrutiko agintea erabilita kontrolatu dezake ikusleak.
Atari honek jakitera eman duenez, besteak beste, Samsungekin edo Intelekin hitzartutako akordioei esker, "Yahoo! Widget Engine" merkatura iristen ari diren telebista berrietan sartzen ari da eta gaur egun, Euskal Herriko dendetan ere mota honetako aparatuak eros daitezke.
"TV Widgets" erabilita, ikusleak Interneteko zerbitzu gustukoenak telebistari egokitutako aplikazioetan bihurtu ditzake. Modu horretan, telesail nahiz pelikula arrakastatsuenak ikusteko edota azken berriei buruzko informazioa jasotzeko aukera du erabiltzaileak. Era berean, eBay webgunean produktuak erosi edo Twitterren ibili daiteke, eta Interneteko bideoak ere ikus ditzake urrutiko agintea erabiliz.
Gainera, zerbitzu guzti hauek telebistaren alde batean azaltzen den leihatilatxo batean agertzen dira. Beraz, telebista ikusten ari den bitartean, Interneten ibili daiteke ikuslea. Erabiltzaileak argazkiak edo bideoak ikusi nahi dituenean, aldiz, pantaila osoan agertzen dira irudiok.
Urrutiko aginteak duen botoi baten bidez aktibatzen da "TV Widget Dock" menua eta, aipatu bezala, aukeratutako Interneteko edukia ikusteko, erabiltzaileak ez du aurretik ikusten zegoena alde batera utzi behar. Beraz, bi pertsona egon daitezke telebista aurrean; bata telebista ikusten eta bestea Interneten nabigatzen.