
Joan Clos Industria, Turismo eta Merkataritza Ministroak esan du Espainiako Exekutiboa sakelako telefono bidezko telebista arautzeko Legea prestatzen ari dela. Bartzelonan egin den 3GSM Kongresuan egin ditu adierazpen horiek Closek.
Telekomunikazioen arloan izaten ari diren teknologia aldaketek hainbat berrikuntza eragin dituzte. Horren erakusle da sakelako telefonoan telebista ikusteko dagoen aukera. Berrikuntza horien aurrean sortu daitezkeen betebeharrei aurre egiteko Espainiako Exekutiboa arau berri bat prestatzen ari da. Industria Ministroak esan duenez, arau hori Informazio Gizartea Bultzatzeko Neurrien Legeak jasoko du.
Joan Closek esan du telebista-zerbitzua eskaini nahi duten telefono operatzaileek ez dutela baimen berezirik eskatu beharko. “Telefono operatzaileek telebista eskaintzeko nahikoa izango dute administrazioaren baimena izatea”, esan du Closek.
Bartzelonan egin den 3GSM Kongresuan sakelako telefonorako egin den lehen film luzea aurkeztu da. Proiektu berriaren aurkezpena Laura Dutta aktore indiarrak eta Sanjay Gupta zuzendariak egin dute. Sakelako telefonora jaitsi daitezkeen hamar istorio txikik osatzen dute film luzea.
Mota honetako proiektuetan parte hartzen ari diren Espainiako hainbat enpresek entseguak egin dituzte Bartzelonan burutu den kongresuan. Sidsa enpresak, Albertis Telecom enpresaren laguntzarekin, DVB-H teknologia duen telebista mugikor sarea jarri du abian. Sistema horrek hamar telebista-kate ikusteko aukera eskaintzen du.
Sakelako telefonoan telebista ikusteko ezinbestekoa da telefonoak beharrezkoa den teknologia izatea. Hau da, 3. belaunaldiko (3G) zerbitzuak eskaintzeko gai izatea.