
Internauten Elkarteak (AI) banda zabala zerbitzu unibertsala izan dadin kontsideratzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Horrela, arrakala digitalari amaiera eman nahi zaio. Izan ere, 2006eko lehen seihilekoan Espainiar estatuko 4 milioi etxek soilik zuten banda zabalera sarbidea.
“Etxeetan informazio eta komunikazio teknologien erabilerari eta ekipamenduari buruzko Inkesta”k jakitera ematen duenaren arabera, Interneterako sarbidea duten etxeen gehiengoak ez du banda zabalerako sarbidea. Inkesta hori Estatistikako Institutu Nazionalak (EIN) egin du. Internauten Elkarteak datu horiek aintzakotzat hartu ditu banda zabala zerbitzu unibertsala izan dadin eskatzeko.
Gaur egun herritarren gehiengoak erabiltzen ditu teknologia berriak, eta horregatik, AIk dio banda zabalaren zerbitzua ezinbestekoa dela. 16 eta 74 urte bitarteko herritarren %54k erabiltzen dute ordenagailua eta %48k nabigatzen dute Interneten. “Beraien konexioetan azkartasuna eta erraztasunak eskatzen dituzten herritarrak dira horiek”, esan du AIk. Elkartearen aburuz, gainera, ezinbestekoa da banda zabalaren erabilera bultzatzea Informazioaren Gizartea indartzeko. Horrela, Espainiar estatuak Europako maila berdina izatea lortuko luke.
Informazioaren Gizarteari Bultzada emateko Neurrien Legea aurreproiektuak banda zabalaren nazio mailako zerbitzua eskaintzeko beharra onartzen du. AIk dio, ordea, proiektuak ez dituela arrakasta izateko beharrezkoak diren neurriak jasotzen.
Internauten Elkarteak dio konpentsazio neurriak hartu daitezkeela banda zabalak sortzen dituen gastuak orekatzeko. “Funts publikoetan zordunketa duen mekanismo bat sortu daiteke edo/eta sareen banatzaileen artean eta harreman elektronikoen zerbitzuen artean gastuak banatzeko mekanismo bat sortu daiteke. Hau da, Zerbitzu Unibertsaleko Konpentsazio Funts bat”, esan du AIk.
ADSLaren salneurriaren liberalizazioa eta erreferentziazko gehiegizko prezio bat ere ezarri beharko liratekeela ere dio elkarteak. Horri esker, tarifa finkoa merkatuko litzateke eta herritarren interesak errespetatuko lirateke.