
Frantziako Pirinio Atlantikoetako Departamentuak bertako nekazal guneetan banda zabala zabaltzeko proiektua diruz laguntzea erabaki du. Ipar Euskal Herria departamentu horretan dago. Proiektua aurrera eramateko WIMAX teknologia erabiliko da, Itelazpik Euskadin erabili duen berdina hain zuzen ere.
Iparraldeko herritarren %3k ezin du Interneterako sarrera banda zabalaren bidez egin. Izan ere, lurraldeko hainbat puntutara ez da kablea edo ADSL sistema heltzen eta ezinbestekoa da hari gabeko sistemak erabiltzea. Internet antena parabolikoen bidez ere zabaldu daiteke, baina sistema hau garestia da. Horregatik, Frantziako Pirinio Atlantikoetako Departamentuak banda zabala nekazal guneetan zabaltzeko WIMAX teknologia erabiltzea erabaki du. Irrati bidezko sistema da hori (hari gabeko teknologia) eta Itelazpi elkarteak Euskal Autonomia Erkidegoan erabiltzen du.
Proiektu hau aurrera eramateko, eta nekazal guneetan bizi diren herritarrek banda zabalera sarbidea izateko, WIMAX antenak ezarriko dira Iparraldeko hainbat menditan. Horrez gain, Wi-Fi sistema ere erabiliko da. Sistema hori WIMAX teknologia bidez elkarturik dauden herri txikietan zerbitzua eskaintzeko erabiliko da.
Operadore ezberdinek eskaini ahal izango dute banda zabalerako zerbitzua Iparralden. Euskadiren kasuan, operadore bakarrak eskaintzen du nekazal guneetan zerbitzua. Euskaltelek hain zuzen ere. Era berean, Euskal Autonomia Erkidegoan, Eusko Jaurlaritzak diru laguntzak eskaintzen dizkie sistema hau beraien etxeetan ezarri nahi duten pertsonei.
Nekazal guneetan banda zabala zabaltzeko euskal proiektuak oso harrera ona izan du biztanleen artean. Proiektu honek, gainera, hainbat sari eskuratu ditu.