
Europako Irrati-difusio Elkartearen (EBU) arabera, UHF frekuentziara –Lurreko Telebista Digitalaren (LTD) seinalea igortzeko beharrezkoa da– sarbidea izateko ordainduz gero, ezin izango da zerbitzuaren helburuak, interes orokorrekoak, gauzatu.
Europako Irrati-difusio Elkarteak (EBU) iragarri duenez, UHF frekuentziara (Lurreko Telebista Digitala igortzeko beharrezkoa da) sarbidea izateko ordaintzeak eragotzi egingo die interes orokorreko helburuak betetzea.
Hain zuzen, UHF banda erabiltzeko eta bertara sarbidea izateko ordaindu behar hori Europar Batzordeak proposatu zuen, espektro erradioelektrikoa harmonizatze aldera emandako jarraibideetan. Hala ere, EBUk argitaratutako txosten batek aditzera eman duenez, frekuentziak esleitzeko prozesuan merkatu mekanismoak ezartzea lehiakortasunaren eta sormenaren kalterako izango litzateke.
Europar Batzordeak hainbat proposamen egin zituen telekomunikazio sektorea lehiakorrago egiteko, baina EBUren txostenak ez ditu ontzat jo. Besteak beste, sareen eta zerbitzuen banaketa funtzionala egitea eta Europa mailan erakunde erregulatzaile bat sortzea proposatu zuen Batzordeak. Horrez gain, Europar Batzordearen beste iradokizun bat, telefonia mugikorreko operadoreek UHF banda erabil dezatela, ere jo du negatibotzat, “espektro erradioelektriko zabala baitute dagoeneko”, haien ustez.
Halaber, frekuentzia hori banda zabala herrietan sartzeko erabiltzeari ere ez diote egoki iritzi irrati-difusio elkarteko kideek, “beste frekuentzia egokiagorik badelako” zerbitzu hori ahalbidetzeko.
Europar Batzordearen proposamenaren aurrean, frekuentziak Europar Batasuneko herri bakoitzeko erakundeek banatzea eskatu du EBUk. “Estatu bakoitzeko merkatuaren desberdintasunak eta kate bakoitzak eskaintzen duen zerbitzu publikoa” kontuan hartuta egitea proposatu dute, gainera.