
Ingurunearen zainketa sistematizatzea da helburu nagusia. Ingurumen-kalitatea kudeatzeko sistema honek hori zaintzeko eta artatzeko konpromisoa hartu du.
ITELAZPIren Ekoscan Hobekuntzarako Planak ingurumen-kalitatearen kudeaketarako sistema baten bidez ingurunearen zainketa sistematizatzea du helburu nagusi, eta 2007. urtean emaitza oso onak izan ditu.
ITELAZPIk kudeatzen dituen telekomunikazio zentroen arazo nagusietariko bat zentro horien inguruan landare eta sasitza ugaritzea izan da. Hori dela eta, hondakin horien ugaltzea murrizteko zentro horietan geotextil bat instalatzea erabaki dute.
Horrela, orain arte urtero zentro bakoitzean 2.600 kilo hondakin biltzen bazituzten ere, aurrerantzean 5 kilogramo bilduko dituzte, gutxi gorabehera. Gainera, hondakin gutxiago sortzen direnez, landare eta sasitza garbitu behar ez izateak ere gehiago aurreztea eragiten du. 2007an geotextila 13 zentrotan jartzea aurreikusita zegoen, eta 11 zentrotan jarri da.
Horrez gain, sortutako zarata-maila gutxitzeko asmoz, ITELAZPIk talde elektrogenoak ordezkatzea erabaki du, horien antzinatasunaren arabera. 2007an lau zentro elektrogeno ordezkatzea helburu bazuen ere, zortzi aldatu ditu.
Bestalde, telekomunikazio zentroetako pantailen erreaktantzien ordez balasto elektronikoak jartzen hasi dira. Horrela, zentroen argiztapenak eragindako kontsumo elektrikoa txikitzea lortu dute eta, beraz, bertan kontsumitu ez den energia elektrikoari lotutako karbono dioxido isuriak ere murriztu dituzte.
Azkenik, ITELAZPIren zentroetako etxolak koloretan margotu dituzte ingurunearekin bat egin dezaten, eta egurrezko hesiak jarri dituzte metalezkoen ordez, paisaian hobeto integratzen direlako.