
Galiziako A Fonsagrada udalerria izango da “itzalaldi analogikoa” egingo duen Espainiako lehen udalerria. 2008ko apirilaren 5etik aurrera, A Fonsagradako biztanleek LTDaren bidez jasoko dute beraien etxeetan telebista seinalea. Sistema digitalaren ezarpena Espainiako gainerako udalerrietan baino ia bi urte lehenago egingo da.
Manuel Fernandez Iglesias ikus-entzunezko komunikazioaren zuzendari orokorrak adierazi duenez, apirilean Espainiako lehen itzalaldi analogikoa burutuko da. Lugoko A Fonsagrada udalerria, 4.800 biztanle dituena, izango da lurreko telebista digitalaren seinalea jasoko duen lehen udalerria. Fernandez Iglesiasek esan du Galiziako udalerri zabalenetakoa izateagatik aukeratu dutela. Era berean, orografia zaila duen lekua da eta biztanleak oso sakabanatuta daude. A Fonsagradako biztanleak 200 hirigune ezberdinetan bizi dira.
Gaur egun Lugoko udalerriko biztanleriaren %96ra heltzen da LTDaren zabalkundea, nahiz eta oraindik hainbat lan dauden egiteko. Apirilean ezarritako epea betetzeko, sistema digitalaren inguruko informazio kanpaina bat egiten ari dira, herritar guztiek LTDaren eta horren ezaugarri eta berezitasunen berri izan dezaten.
Martxoaren 10etik aurrera, adibidez, Galiziako Xuntak A Fonsagradako udaletxean 1.000 deskodetzaile baino gehiago banatuko ditu. Aparailua oraindik ez duten bizilagunei oparituko zaizkie deskodetzaileak. Galiziako Xuntak 305.000 euroko aurrekontua du proiektu honen ezarpena egiteko. Hau da, lurreko telebista digitala A Fonsagradan ezartzeko eta bertako biztanleak informatzeko.
Sistema digitalerako trantsizioa hiru fasetan egin da. Proiektuaren lehen bi faseak 2007ko urrian eta azaroan egin ziren. Hilabete horietan lurreko telebista digitalaren eta horren ezarpenaren inguruko informazioa eskaini zitzaien herritarrei. Bi hilabete horietan LTDak %76ko zabalkundea lortu zuen. Gaur egun proiektuaren hirugarren fasean ari dira lanean. Apirilaren 5ean amaituko da fase hau eta bigarren mailako estazioak itzaliko dira.
Telebista seinalea jasotzeko zailtasun ugari dituen udalerria da A Fonsagrada. Biztanle askok, adibidez, ez dute telebista pribatuen seinalea behar bezala jasotzen. Lurreko telebista digitalarekin 24 telebista kate ikusteko aukera izango dute.