
J.D. Power and Associates kontsultari taldeak ikerketa bat egin du banda zabalaren erabiltzaileek duten gogobetetasun maila neurtzeko. Erabiltzaileen aburuz, 2007an zerbitzuaren etenaldien kopurua eta deien itxaronaldi denbora igo egin dira. Hori dela eta, gogobetetasun maila jaitsi egin da.
Bigarren urtez jarraian argitaratzen den ikerketa honetan banda zabalaren erabiltzaileen gogobetetasun maila neurtu da. Datuek jakitera eman dutenez, erabiltzaileen asetasuna jaitsi egin da. Mila punturen gainean egin da neurketa eta erabiltzaileek 569 puntuko gogobetetasuna dutela adierazi dute, 2006an baino hamar puntu gutxiago. Banda zabalaren zerbitzuak erabiltzen dituztenen aburuz, etenaldi ugari egon da zerbitzuan 6,93ko batezbestekoa, 2006an 5,27 izan zen bitartean. Deiaren itxaronaldi denbora ere igo egin da eta orain, 10 minutu itxaron behar da gutxi gorabehera. Bezeroentzako arreta telefonoetan ere hazi egin da kexa kopurua.
Txostenak ez ditu banda zabalaren alde ezkorrak soilik jasotzen; zerbitzuaren alderdi positiboak ere islatuta daude. Horien artean, zerbitzuaren kostea nabarmendu behar da. Aurten merkeagoa izan da. Interneteko batezbesteko abiadak ere hazkundea izan du. 2006an 2,3 MBko abiadura izan zuen banda zabalak; 2007an, berriz, 4,3 MBko abiadura izan du.
J.D. Power and Associates elkarteak 1000 pertsonari egindako inkestaren ondoren idatzi du txostena. Gogobetetasun eragile bezala zazpi faktore hartu dira kontuan. Garrantziaren arabera sailkatuta ondorengoak dira: zerbitzua eta fidagarritasuna (%22), irudia (%20), bezeroari arreta eta euskarri teknikoa (%19), fakturazioa (%13), eskaintzak eta promozioak (%11), kostua (%10) eta posta elektroniko zerbitzuak (%5).
Erabiltzaileek Interneten igarotzen duten denbora kopurua ere gutxitu egin da. 2006an jendeak astean 32 ordu igarotzen zituen sarean; 2007an, berriz, astean 25 ordu igarotzen ditu jendeak sarean nabigatzen. Etxeko erabiltzaileek bilaketak eta on-line bidezko bankuko operazioak egitera, bidaiak erreserbatzera eta mezuak bidaltzera eskaintzen dute denbora.
Konpainiei dagokionez, Orange, Jazz Telecom eta Telefonica dira gogobetetasun maila altuena dutenak. Enpresa horiei emandako puntuak 572 eta 582 artean daude 1000ko maila batean. Batezbestekoa baino puntuaketa altuagoa da hori.