
Euskal Irrati Telebistak telebista kate berria jarriko du abian 2008 urtean. ETB-3 izena izango du kate berriak eta haur eta gazteei zuzendutako programazioa eskaintzeaz gain, kultur saioak ere izango ditu. Euskara hutsean eginiko katea izango da.
Andoni Ortuzar Euskal Irrati Telebistako zuzendari nagusiak adierazi duenez, Euskal Irrati Telebista publikoak telebista kate berria izango du 2008 amaieran. ETB-3 katea izango da hori eta etxeko txikienei eta 30 urte azpiko gazteei zuzenduta egongo da. Kultura arloko saioek ere garrantzia handia izango dute telebista kate berrian. Programazioa, gainera, euskara hutsean egingo da. Ortuzarren hitzetan, kate berriarekin 2010eko apirilean gertatuko de itzalaldi analogikoaren ostean sortutako konpetentziari aurre egin ahal izango dio EiTBk.
Joan den uztailean Eusko Jaurlaritzak lurreko bi telebista kate berri sortzeko baimena eman zion Euskal Irrati Telebistari. Horietako kate bat izango da ETB-3. Bigarren katearen ardatz nagusia informazioak eta formatu berriek osatuko dute eta euskaraz eta erderaz izango da. Kate berria 2009an abian jartzea espero du EiTBk.
Modu honetan, lur uhin bidez zabaldutako lau telebista kate digital kudeatuko ditu EiTBk. Multiple digital osoa hartuko du erakunde publikoak eta lurralde mailako deskonexioak egiteko aukera izango du. Gaur egun lau telebista kate ditu EiTBk: ETB-1, ETB-2, Canal Vasco eta ETB Sat. Azken bi horiek emititzeari utziko diote kate berriak abian jartzen direnean. Erakundearen irrati kateak eta aplikazio zerbitzu interaktiboak ere multiple honetan egongo dira.
2007a urte garrantzitsua izan da EiTBrentzat. Urte honetan amaitu da DIGIBat proiektua. Proiektu horren bidez erakundearen egoitza guztiak (Donostia, Iparralde, Gasteiz, Iruña eta Bilbo) elkartu eta digitalizatu dira. Horrez gain, telebistaren azpiegitura guztia Bilboko egoitza berrira eraman da eta emisioak digitalean egiten hasi da Euskal Telebista.